Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Zubieta
2008ko abenduak 3, Asteazkena

;2006-10-19;ZALDI LASTERKETAK . APUSTUAK . Longchamps Zubietatik . Hipodromoaren aro berria abian da eta egunero Frantziako lasterketetako apustuak egin daitezke Donostiatik

zaldi lasterketak » apustuak

Longchamps Zubietatik

Hipodromoaren aro berria abian da eta egunero Frantziako lasterketetako apustuak egin daitezke Donostiatik

ion lopez

Zaldiak urduri daude. Kajoietan sartu dituzte. Ikusleek azken orduko apustuak egiten bukatu dute denbora agortzen zen unean. Irten dira. Oihuak eta animoak entzuten dira. Bukatu da lasterketa, ikusle gehienak burumakur daude, ezustekoa eman duen zaldiaren aldeko apusturik inork ez baitu egin. Hurrengo lasterketa arte hamabost minutu dituzte eta hasi dira pronostikoak begiratzen egunkarietan. Irudi hau egunero ikus daiteke Zubietako hipodromoko harmaila baten azpian. Hipodromoa Turf ekimenean, urteko egun guztietan egin daitezke apustuak hipodromotik edo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zehar jarri dituzten zazpi puntuetatik.

Iazko urrian Hipodromos y Apuestas Hipicas de Euskadi enpresa hipodromoaren kudeaketaz arduratu zenetik, beste norabide bat hartu zuen apustuak egiteko moduak. Jaurlaritzak hipodromoetatik kanpoko apustua legeztatu zuenetik, ekimen honek gero eta zale gehiago ditu. Borja eta Juan Carlos askotan joan ohi dira Zubietara. «Mundu hau ezagutzen ez duenak agian gu ludopata hutsak garela pentsatuko du. Baina ez da horrela. Gu zaldi lasterketen zaleak gara, eta apustuak egitea gustatzen zaigu. Badakigu honekin ez garela aberastuko baina lasterketak ikertzea, eta noski, asmatzea gustatzen zaigu» esan du Borjak. Hipodromoak eskaintzen dien aukeraz baliatzen ari dira zaleak: «Oso pozik gaude. Orain arte egunero lasterketak ikusi nahi bagenituen Behobiara joan behar genuen. Orain hipodromoan lagunartean egoten gara arratsalde pasa» dio Juan Carlosek. Hipodromoko tribuna baten behealdean telebista handiak jarri dituzte eta baita taberna ere. Bertan biltzen dira zaleak beren apustuak egiteko, egunero 13:30etatik 18:00ak arte, gutxi gorabehera.

Nahiz eta zaleek gehiegi jokatzen ez dutela esan, Donostiako hipodromoan egunero 5.000 eurotik 10.000ra jokatzen dituztela esan digu Rebeka Gallastegi hipodromoko langileak. «Oso pozik gaude orain arteko emaitzarekin. Gu Frantziako PMU enpresak antolatzen duen apustu sarean gaude. PMUkoak ere harrituta daude gure emaitzekin. Frantziako apustu puntuetako batez bestekoa egunero 1.000 euro da. EAEko zazpi puntuetan 20.000 euro lortzen ditugu batez beste egunero, eta Zubietan 5.000tik 10.000ra». PMU enpresa Frantzian diru gehien mugitzen duen bigarren enpresa da. Frantzian egunero lasterketak daudenez, bi hipodromotako lasterketak uztartzen dituzte eta honela, 15 minutuero lasterketa bat egoten da. PMUk Frantziako lasterketa guztiak eta munduko garrantzitsuenak kudeatzen ditu. Lasterketa hauetarako apustuak mundu guztitik egin daitezke eta hipodromoan bertan egiten direnen balio bera dute. «Frantziako hipodromoetara ez da inor joaten. Apustuak aretoetatik egiten ditu jendeak. Aukeratzekotan, nik nahiago dut Donostiako hipodromoan izaten den giroa» esan du Borjak.

Apustuetarako zazpi puntu

Hipodromoa Turfen, EAEn zabalduta dauden zazpi puntuetatik egin daitezke apustuak. Donostian, Zubietako hipodromoan eta Kale Nagusiko Casino Kursaalean egin daitezke apustuak. Gainontzeko puntuak Lasarte-Orian, Biboko Casino Nervionen, Andoainen, Bermeon, Zarautzen eta Basaurin daude. Laster Urretxun, Gernikan eta Gasteizen ere puntu berriak jarriko dituzte. Urte bukaerarako 15 bat puntu izan nahi dituzte hipodromoko arduardunek. Normalean tabernetan egoten dira apustuak egiteko puntu hauek. Hipodromoak pantaila eta apustuak egiteko makina jartzen die eta zaleek lasterketa ikus dezakete apustua egin ondoren.

Gaur ohikoa baino ikusle gehiago hurbildu da hipodromora. Bordeleko eta Amienseko hipodromoetako zaldi lasterketak ari dira zuzenean eskaintzen eta Bordelen Donostiako zaldi batzuk hartuko dute parte. Lasterketa bat nola prestatzen duten azaldu du Juan Carlosi: «Gauza asko hartu behar dira kontutan: lasterketaren luzera, lurra bustita edo lehorra dagoen, jockeya nor den, beroa edo hotza egiten duen edo zaldi horren azken lasterketak nolakoak izan diren. Guzti hori kontutan hartuta irabazten baduzu, sentsazio pozgarria da». Lasterketa hasi baina minutu bat lehenago, azken apustuak korrika eta presaka egin dituzte zaleek. Askok nahiago dute apustuak egiteko makina erabiltzea, leihatilan egitea baino. «Makina bereziak jarri ditugu norberak bere apustuak egiteko inori esan gabe. Oso harrera ona izan dute, honela bakoitzak zenbat jokatzen duen inork ez dakielako. Anonimotasuna bermatzen da», esan du Rebeka Gallastegik. Hipodromoko bulegoetara sartu eta Jesus Saralegirekin egin dugu topo. Bera da lasterketen offeko ahotsa jartzen duena: «Egunero hamabi lasterketa inguru ematea gogor samarra da. Jockey bakoitzaren koloreak ikasi eta emozioa eman behar diogu lasterketari». Zaleek behintzat, eskertzen dute egunero zaldi lasterketak ikusi ahal izatea.

DIRUTZA

Zubietan egunero 5.000 eurotik 10.000ra jokatzen dituzte; 1.000 euro da eguneko batez bestekoa Frantzian

apustu puntuak

Gaur egun zaldi apustuak egiteko zazpi puntu daude EAEn, eta urte bukaerarako 15 izan nahi dituzte



Agenda

Ikastaroa

LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.